2013-04-02

Goxoki Kuantikoak


Orain arte, blogean idatziriko sarrerak luze joan zaizkit. Sarrera bakoitza irakurtzean, betekada kuantikoa izan duzue batzuk. Koadrila zein familia bazkaritan bezala, bapo, ederki asetuta, geldituko zineten. Gehiegi, beharbada. Batzuk nahiago duzue ordu artean zerbait pikatu, otorduetan gutxiago jateko, agian. Nork ez du gustoko goxokiren bat jatea noizean behin? Gustora jaten da eta ez du betetzen... Era berean, kuantikazko betekada gehiegi ez izateko, kuantikazko goxokiak egitea pentsatu dut, beste moduan esanda, sarrera laburrak.

Nire laguna Xabier Lopezek (Kimika Teoriko Taldean lankide), bere blog kuantikoan (Función de Jota, gazteleraz), Pintxo Kuantikoak kategoria sortu zuen. Sarrera laburrak. Berak sarrera "gaziak" egin behar dituenez, nik "gozoak" egitea pentsatu dut. Hori bai, biak "goxoak" eh?

Sarrera mota hauek asko jota 400 hitzekoak izanen dira. Horrela, zerbait irakurtzea nahi baduzue, baina lan egun luze baten ostean burua asko pentsatzeko ez badago, sarrera labur hauek irakurtzen ahal dituzue. Bertan, kuantikako gaiak azalduko dira, baina laburki. Kontzeptu bat sarrera bakoitzeko. Goxoki bat jaten dugun moduan, edozein ordutan, edozein lekutan. Hori bai, goxoki hauek azukrerik gabekoak dira, diabetikoek ere jateko moduan izan daitezen! 

Baina kontuz! Goxokiz bakarrik ezin gara elikatu, eta, hortaz, goxokizaleoi ere eskatzen dizuet sarrera luzeak ere irakurtzen jarraitzeko!!

Hasteko, lehenengo goxokiak erradiazio elektromagnetikoei buruz izanen dira. Mikrouhinaren sarreraren ondoren, irakurle batzuk erradiazio moten inguruan idazteko iradoki didate. Honen inguruan, lehenengo sarrerak erradiazio moten  (ionizatzaileak eta ez-ionizatzaileak) sailkapenaz arituko naiz. Gero, bakoitzak bere goxoki propioa izanen du, eta bertan, guregan eta inguruan duten eraginaz arituko naiz.

Gero, gerokoak... Gauza askotaz aritzea falta zaigu eta! Espero goxoki hauek zuen gustokoak izatea!



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina